Galería de pintura

Miguel Angel Eugui

Nire pintura (euskaraz)

 

   Aspaldikoa da nire pintura zaletasuna eta urte frankotan Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan ikasle izan naiz, aldizka. Hala ere, pinturara gehiago hurbildu naiz alderdi autodidaktatik akademikotik baino. Hurbilpen hau Artearen Historia bere adierazpen mota, garai eta herrialde guztietan ikastetik etorri zait. 
   Azken zazpi urteotan irakasle izan dut Mikel Esparza, pintore nafar aparta, pintura figuratiboan arrotzak eta erabat aztertu gabe nituen tekniketara bideratu nauena. Beste eremu batzuk paratu dizkit begi aurrean: konposizioa, marrazkia, kolorea, argia eta argi-ilunaren erabilera, estilo propioa neureganatzea helburu. Ezagutu izan ez banu, gaur ez nintzatekeen margotzen ariko. 
 
   Niretzat, figurazioa ez da errealitatearen irudi mimetikoa ematea; aitzitik, itxuraren atzean dagoen zerbait birsortzeko modu bat bezala ulertzen dut, gordean dagoena proposatzeko. Errealitate konplexuago hauek helarazten ahal diote ikusleari pintatzailearen begirada. Objektibotasunetik eta gauzen eta pertsonen irudikapen grafiko hutsetik oso urrun, barneko sentimenduak eta ikuspuntu pertsonala eta errepikaezina oihalera eramaten saiatu naiz, zintzo. 
   Paisaia eta natura hila maite baditut ere, giza irudia naturaltasunez hartzea dut benetan gogoko. Zaila da pintatzen, sufriarazten du, baina luzera poz handia ematen dit. Giza gorputzak ez du iruzurrik egiten: bere edertasuna edo itsustasuna gardena eta biluzia da. Munduko paisaia guztiak ditu barnean. 
   Pintorearen eta modeloaren arteko harremana da koadro batean zoragarriena. Tentsio hori oihalera eramatea lortzen bada, emaitzak indar adierazgarri izugarria bereganatzen ahal du. Pinturak edo sentimenduak eragiten ditu, edo bestela pintura estetizista hutsa da, ahula. Margolariari dagokio bide bat edo bestea aukeratzea. Bere buruari iruzur egiten badio, ikusleari ere egiten dio. Bere buruari exijitzen badio, ordea, ikuslea ohartuko da, lehentxeago edo geroxeago. 
 
   Lagun asko ondoan eta modelo ugari inguruan, pintatzeko: horixe dut zorterik handiena. Hurbileko jendea: ezinbesteko baldintza eroso sentitzeko pintatzen dudanean. Zilegi bekit nire esker ona agertzea koadretako modelo izan ditudanei; onginahi hutsez aritu dira. Haien adiskidetasunik eta babesik gabe bide laburra eginen nuen arlo honetan. Eskerrik beroena Agus, Amagoya, Amaya, Andres, Angel, Arturo, Carlos, Ghislaine, Mikel, Miren, Javier, Jorge eta Joseri; bidenabar, barkamena eskatu, saio bakoitzean geldi-geldi hain luzaro edukitzeagatik. Eskerrik asko zuzeneko laguntzaren eta sostengu moralaren bitartez, erakusketa hau posible egiten lagundu didatenei. Asko izan dira xehetasun guztietan bultzatu dutenak, bakoitzak ahal izan duen neurrian; hobe ez aipatzea, inor ez ahanzteko. 
   Bukatzeko, erakusketa hau lehenbizikoa da, niretzat. Ez dut inoiz erakutsi, ez aukerarik izan ez dudalako, momentua ez zela heldua pentsatzen nuelako, nire pinturak kalera ateratzeko adinako mailarik ez zuela pentsatzen nuelako. Horrek nauka kezkatua, oraindik. 

   Miguel Angel Eugui Pastor

 

Los paisajes del cuerpo >>

 

Miguel Angel Eugui
Oleos y dibujos

© Miguel Angel Eugui Pastor 
© fotoAleph. All rights reserved
www.fotoaleph.com

Fotografías: Paco Ocaña, Miguel Angel Eugui 
Textos: Javier Monreal 
Traducción: Karrikaluze Euskaldunon Elkartea 
  
 


 

Otras exposiciones de Miguel Angel Eugui en fotoAleph
Elogio de lo cotidiano
(Bodegones)
   
Elogio de lo cotidiano

Oficio de colores

Miguel Angel Eugui

 

 


fotoAleph / Galería de Pintura