Galería de pintura

Elogio de lo cotidiano

Ingurura begirada (euskaraz)

 

   Pinturaren hiztegian bodegoiaren generoa izendatzeko ‘natura hila’ esamoldea agertzeak beti harritu nau, hitzok duten kutsu ilunarengatik. Eta paradoxikoki ingelesez still life esan ohi da, ‘natura hilak’ adierazten duenari kontra eginez. Nola itzuli? Hitzez hitz ‘bizitza geldia’ edo ‘bizitza mugiezina’ litzateke. Honek iradokitzen du bizitzaren une bat irudi batean izozten dela. Definizio hau hobeki lotzen zaio kontzeptuari.
Miguel Angel Eugui   Rolling Stones-eko kideek zuzenean grabatutako kontzertu baten diskoari ‘Still life’ izenburua eman ziotenean, esanahi bikoitz horrekin jolastu zuten. Still life = ‘oraindik bizitza’ (?) Jolasarekin jarrai dezagun: rolling stones = dabiltzan harriak, errekarriak. Eta horixe ibili direla jiraka harri horiek… Eta errekarri multzo bat estalperik gabeko patio batean bodegoi bat da = still life = ‘natura hila’. Baina natura hori arrunt bizirik dago. Ikusi besterik ez dago zer pozik bizi den goroldioa harrien gainean, hauek belus berdeez tapizatuz. Eta nola behartzen duen naturak pintura bodegoitik paisaiaren generora jauzi egitera eta ezustean harekin, naturarekin, limurtze-jokoak izatera.
   Generoen arteko mugak desitxuratzen dira. Begiradak transbertsala behar du izan. Baina ez hori bakarrik. Kontua da naturaren geometria fraktala dela. Goian dagoena behean dago, txikia handian, guztia zati bakoitzean. Naturaren zati bakoitzak kosmos osoa biltzen du. “Intxaur-oskol baten barruan sartuta egon ninteke amaigabeko espazio bateko errege naizela sentituz”, esan zuen Hamlet-ek. Gertutik ikusita, goroldioak baso zabalak dira, belarrak oihan ilunak eratzen ditu, eta harriak mendi bihurtzen dira euriak eta haizeak higatuta.
   Udazkeneko hostoak erori eta bodegoia urrezko kapa batez edertzen da, baina aldi berean, eszenografia arras aldatu da. Glizinazko hostoez osatutako euri horiak ‘Azaroa’ izeneko tondorako posatzen ari ziren buru-hezurrak eta errekarriak estaltzen ditu gutxinaka. Hostoen artean zein pintatu eta zein ez erabakitzera behartuta nago, bodegoiak bere izate bisualari eutsi diezaion eta izenburua ‘hosto multzo’ izan ez dadin. Erabakia hartuta eta egina dagoenean, hementxe hosto batzuk kenduz eta konposizioa orekatzeko hantxe beste hosto bat ipiniz, lanarekin jarraitzeko moduan nago, baina orduan, katua agertzen da: bodegoi gainera jauzi eta hiru atzaparkadez konposiziorik leunduena hondatzen du. Ez dut gomendatzen koadroak margotzea laguntza ematea gustuko duen katu bat ondoan egonda. Nirea horietarikoa da: paleta gainera salto egin eta pigmentuetan hankak sartzen ditu; ondoren, zorua margotuta agertzen da, puntillismo izeneko estiloa gogoraraziz.
   Still life? Mugimendurik gabeko bizitza? Zerua biratzen da, eguzkia trostan dabil, argia mugituz doa, itzalak luzatzen eta tonuak aldatzen dira, koloreak nahastu egiten dira, eta ni ez naiz Josue. Eta pintzelak erlojuaren aurka lan egin behar du, minutu gutxi barru dena aldatuta egongo baita, eszenako argiak itzaliko dira, bodegoia beste bat izango da. Ez dago, ez, oso hilik natura hau!

Miguel Angel Eugui  
   Eta nola demontre egiten du pinturak iragankorra dena harrapatzeko? Eta zenbait egunetan emandako mila pintzelkadek nola geldiaraz dezakete une oro aldatzen dena? Oraindik ez dakit. Neuk nahiago izan dut beti naturaletik margotzea bai erretratuan, figuran, paisaian edo bodegoian ere, eta ahal bada, egun-argiz, aurrean modeloa dudala, behar besteko saio kopurua erabilita, eta argazkiak bezalako lasterbideez baliatu behar izan gabe. Erronkaren zailtasunaz jabetzen naiz. Eskarmentuari esker badakit zein gutxi diren pinturaren itsaso honetan ongi porturatzen diren ontziak.
   Sorolla, Monet, oro har inpresionistak miresteko arrazoi bat gehiago. Edo barrokoko bodegoien maisuak, egun-argizko argilun horien bidez gure erretinetara beste garai batzuetako giroa ekartzen baitigute.
   Nire bodegoi-pintura pitxerrak, loreak edo beste gai estetiko nabariegiak dituzten bodegoi atsegin eta apaingarrietatik saiatzen da aldentzen. Nik ez dut ukatu nahi arrosaren edertasuna, gertatzen dena da edertasun hori leku ezezagunagotan aurkitzen saiatzen naizela. Ez dut zertan urrunera joan: ingurura begirada pausatzea besterik ez da behar bazter horiek topatzeko. Agoarras-ontzi apal batek, hari-txirrika batek, baratxuri-txirikorda batek lehen begiratuan ikusten ez diren zenbait gauza ezkutatzen dituzte, behaketa luze baten argiaren bidez azaltzen diren ilunantzeko paisaiak. Kontua da orduan misterio gune horiek mihisearen eremu mugatura eramatea eta espazio-denbora dimentsioa oso kontuan hartzea (izan ere, ikusi dugunez, ‘natura hil’ batean ez dago ezer geldirik), aparteko une hori, argien eta itzalen angeluazioak sorturiko xarma duen unea, kolpe batean harrapatuz.
   Lauki angeluzuzena bezain ohikoak ez diren beste formatu batzuk erabiltzen ditut zenbaitetan. Erronboak, karratu jiratuak, zurezko ontziak, tondoak… Motibo bakoitzak bere formatu propioa eskatzeko joera du. Tondoaren azalera biribilak beste zailtasun bat gehitzen dio konposaketari, koadroaren ertzetako erreferentzia horizontal-bertikalak galtzen direlako, eta orduan buruari eragin behar zaio perspektiba ongi finkatzeko. Burura datorkit Mozart-en Don Giovanni operan Leporello-k Burgosko Elvirari esaten diona:
   "Madama: in questo mondo
   il quadro non è tondo"
   Ez dut uste beharrezkoa denik nire pinturan jarraitzen dudan metodoak diziplina-mailaren bat eskatzen duela esatea. Eguzkiaren mugimenduarekin bat egiteko ordutegi finkoa ezartzea da gakoa, saio bakoitzak argi, itzal eta tonu berberak izan ditzan ahaleginduz. Eguzkia hitzordura agertu ez, eta bodegoiaren koloreak tonu berunkaraz tindatzen dituen zeru lainotua irteten delarik, egun beteko oporraldia ematen diot pintzelari, eta orduak eman ditzaket margolanaren aurrean eserita armoniak, disonantziak, bolumen eta koloreen trantsizioak aztertuz. Nondik jarraituko ote dudan. Nondik ez ote dudan jarraituko. Zer aldatu, zer gehitu, zer kendu.
   Isilpeko solasaldiak dira, margolariaren eta margotuaren arteko elkarrizketa isilak. Duelu bisual estu eta luzea da, eguneroko objektuz egindako multzo kasual batek gorde ditzakeen ustekabeko ñabardurak gutxinaka argitzen dituena. Egunerokoak izateagatik begiratu ere egiten ez diegun objektuak. Herdoildutako trastea, azal gogor eta nabarreko patata, tipul itxi eta eskasa. Guztiek nahi dute posatu. Haiek ere arrosak, portzelanak eta erbinude zuriak adinako eskubidea dute erretratatuak izateko, beren apaltasuna nabarmenki agertzeko, margolariari beren burua biluzik erakutsi eta hari, Albertik deskribatu zuen moduan, zera sentiarazteko: “pinturaren bila ibili eta zer eta poesia aurkitzearen poztasun harrigarria, agonikoa, argitua”.

   Miguel Angel Eugui Pastor

 

 

Continuar: El ritmo de las cosas quietas >>

  

Elogio de lo cotidiano
Miguel Angel Eugui

  
© Miguel Angel Eugui Pastor
© fotoAleph. All rights reserved
www.fotoaleph.com

Textos: Javier Monreal
Traducción: Malen Eugi, Xabi Jaso

  


 

Otras exposiciones de pintura de Miguel Angel Eugui en fotoAleph
Miguel Angel Eugui
(Oleos y dibujos)
   
Miguel Angel Eugui

Oficio de colores

Miguel Angel Eugui

 

fotoAleph / Galería de Pintura